Noizbait mundu hau umeentzako paradisu bat izango delakoan agurtzen zaituztet

Sarrera

Haurrak etorkizunaren giltzarria dira. Eurek dira biharko egunean, erronka globalei konponbideak aurkitu beharko dietenak. Honetarako, oraindik oso gutxi ulertzen ditugun arlo ezberdinetan gaitasun gizatiarrak izatea eskatzen du. Gaur egungo hezkuntzak, ezagutza tradizionaletik areago doazen ahalmenak hedatu ahal izateko prestatu behar ditu haurrak. Ume batek esperimentatzen dituen bizipenak, ondoren nagusia denean, bere jokatzeko moduan eragina izango du. Umeak bere baitan etorkizunaren hazia babesten du; eta hortik, hezitzaileak umearen barnean bizi den hazia garatu dadin, giro bikaina sortzeko daukan lana.

2007/04/07

UME BAKOITZAREN NORTASUNA ERRESPETATU BEHAR DA

Euskal Eskola Publikoaren helburua ume bakoitzaren identitatea garatzen laguntzea da. Errealitatean, ordea, gelako ume guztiak modu berdinean tratatzen dira, umeak bata bestearengandik ezberdinak direla kontutan izan barik. Haur bakoitzak tenperamentu bat dauka, beraz hortik abiatuz, ume batekin modu batean edo bestean arituko gara. Rudolf Steinerrek lau tenperamentu nagusiak sailkatu zituen. Behaketa landuz gero, konturatzen gara ume bakoitza besteengandik ezberdina dela. Garrantzitsua da umeen nolakotasunak eta berezitasunak ezagutzea, baina beti ere haurrak etiketatu gabe, baizik eta pertsona moduan errespetatuz.

FITXAK ALDERA ETA IRTEN KALERA

Ikastetxeetan asko entzuten da konstruktibismoaren inguruan, asko defendatzen da, baina praktikan konstruktibismora heltzeko asko falta zaigu. Besteak beste, konstruktibismoaren ideiekin bat, oso garrantzitsua iruditzen zait fitxak alde batera uztea eta umeak mundua zuzenki esperimentatzea. Haurrek gorputzarekin, mugimenduarekin eta eskuekin ikasten dute. Beraz, nahiz eta fitxen atzetik editorialen interes ekonomikoak egon eta ebaluaketa egiteko unean fitxak erraztasunak ematen dizkigun arren, irakasleak behaketa lana landu beharko luke eta umeen interesekin bat etorriz, mundura irten, bertan bizi eta esperimentatzeko. Ikuspegi konstruktibistak dionez, ezagutza ez da errealitatearen kopia bat, baizik eta gizakiaren eraikuntza bat. Horrela, umeak bere ingurunearekiko harremanetan, bertan esperimentatuz ikasten du eta ez irakasleak zuzenean transmititutako ezagutzetatik. Ikaskuntza esanguratsua izan dadin, guzti hau behar-beharrezkoa dela deritzot. Beraz, eskolako gela itxietatik kanpora irten beharko ginatekeela pentsatzen dut, naturan bertan aritzeko, lau ormetatik at mundua nolakoa den ezagutzeko.

HAURRAK MUNDUA BERE ZENTZUEN BIDEZ EZAGUTZEN DU

Haurraren garapenean, burua, bihotza eta eskuak garrantzia bera daukate eta hau, haur hezkuntzako geletan islatu beharko litzateke. Mundu moderno honetan, lan intelektuala gero eta garrantzitsuagoa da, esku lanak asko murriztu egin dira, mugimendu osasuntsuak egiteko aukerekin batera. Kant-ek, eskua gizakiaren kanpo garuna dela zihoen. Ume txikiak lehenengo eta behin ibiltzen ikasten du, gero hitz egiten du eta azkenik, pentsatu egiten du. Beraz, ezin diogu umeari pentsamendu abstraktua garatu, lehenengo eta behin, hizkuntza ondo garatzen ez badu. Haurrak, mundua bere zentzuen eta ekintzen bidez ezagutzen du, soilik eskuekin ukitu dezakeena ulertu dezake. Modu honetan sortzen dira lehenengo kontzeptuak.

2007/04/06

HAURRAREN GARAPENA ETA ETAPA EBOLUTIBOAK ERRESPETATU BEHAR DIRA

Etapa ebolutibo ezberdinak errespetatzea ezinbestekoa litzateke, baina egun bai eskolak eta bai gurasoek ere, askotan, intelektualizazio goiztiarrean jauzten ari dira (Ahalik eta arinen idaztea eta irakurtzea, hizkuntzak jakitea, matematikak ikastea...). Egun, beti presaka goazela dirudi, nahiz eta ez jakin nora goazen. Helduok ditugun presak haurrengan islatzen ditugu, askotan umeak direla ahaztu egiten dugularik eta tamainaz txikiak diren helduak bezala tratatzen ditugu. Horrela adibidez, zero eta zazpi urte artean organo sentsoreak garatzen dira, haurra gorputzean bizi da, zentzumenen bidez ikasten du. Umeek bere eskuen bidez ezagutzen dute mundua, beranduago arte (zazpi urtetik aurrera) ez ditu kontzeptuak pentsamenduaren bidez garatuko. Beraz, zertarako saiatzen gara umeen garapen intelektual goiztiarra bultzatzen? Gorputza eta bere organoak ongi garatzen diren arte ez da komeni beste fase batean sartzea (intelektuala), korrika ibiltzeagatik atzerapenak lortuko ditugulako.

WALDORF PEDAGOGIA, ASKATASUNERAKO PEDAGOGIA


Haur bakoitza pertsona bakar gisa hartu; elkarrekiko konfiantzazko harremana sortu harekin; haren gaitasunak eta potentzialitateak ikusten, hedatzen eta goresten utzi; hori da eskolaren zeregina. Edo halaxe ikusten du, behintzat, Waldorf Eskolen Nazioarteko Mugimenduak, eta horrela UNESCOk hezkuntza arloan egiten duen lanari eta hausnarketari lotzen zaio.Askatasuna oinarrizko baldintza da bizitza kultural sortzailea eduki nahi bada. Waldorf eskolak "eskola libreak" izendatzen dira, euren egiteko nagusia haurrak askatasunean heztea delako. Gizaki arduratsuak izateko behar dituzten tresnak jasotzen dituzte eskolan.

2007/04/05

GOBERNUARI UME AZKARRAK, PRODUKTIBOAK INTERESATZEN ZAIZKIO

Egungo teoria ekonomikoak hezkuntza bera jaso du, merkatuaren indarrak hezkuntza eraginkorra sortu dezan, merkatu beraren beharrak asetzeko asmoz. Hezkuntzaren inguruko eztabaidaren erdigunean giza izatasuna dago, hots, gizakiaz daukagun irudia; honen inguruan hezkuntzako ministroek ezin dute behin-behineko erantzunik izan, ezin baitigute ezarri munduaz izan behar dugun ikuspegia.Nire ustez, gobernuari ume azkarrak, produktiboak interesatzen zaizkio, etorkizunean probetxugarriak izango diren pertsonak, baina gizakia adimena daukan izakia baino askoz gehiago da. Pertsona askeak izateko, munduan askatasuna, bakea, justizia, giza duintasuna eta gizakiaren izaera askatasunez garatzeko eskubidea, guztiz beharrezkoak dira. Jadanik, haurrengan askatasuna eta ardura esnatu behar dira eta hau posible izan dadin, hezkuntza askea, anitza,arduratsua eta autonomoa beharrezkoa da, haurraren indibidualtasuna ahalik eta gehien indartzeko. Gizakia ezin da beste batzuek beraien helburuak lortzeko bidea izan; gizaki bakoitzak bere helburuak zeintzuk diren aukeratzeko askatasuna izan beharko luke, hots, bere pentsamendua, sentimenduak eta egitea zuzentzeko gai izan behar da. Eskolak guzti hau sustatu beharko luke edo behintzat, horrelako eskolak hautatzeko aukera guztion eskura egon beharko litzateke; baina politikariei ez zaie "hezkuntza askea" ezerez gustatzen, ezin baitute kontrolpean izan.

GOBERNUAREN LANA HEZKUNTZAN

Politikariek demokrazia batetan gaudela diote, aukeratzeko askatasuna daukagula, baina horrela al da?, orduan non daude hezkuntza mota ezberdinak, gure umeak hezitzeko aukera desberdinak?. Gobernuaren lana, pertsona guztien hezkuntza aukera posible izan dadin, baldintza egokiak ezartzea da; eta ez ordea, guztientzako izan behar duen hezkuntza zehaztea eta mugatzea. Are gutxiago, gela bakoitzean irakatsi behar dena erabakitzea. Guzti honek, era batean edo bestean, luzaroan irakaslearen lana txirotu egiten baitu. Nahiz eta kontrakoa iruditu, mota honetako aukerak egin ahal izateak, gizarte integratuago bat eraikitzeko aukerak eskaintzen dizkigu; gizartean zurruntasunak zauriak zabaltzen baititu. Bestalde, pertsonak hezkuntza esperientziaren bitartez askatasunean hazi eta garatu daitezen ahalbidetuz gero, errespetuaren eta dibertsitatearen balorea sustatzen da.