Nahiz eta jakina izan umeentzako garrantzitsuena mugimendua eta gorputzaren bidezko esperimentazioa dela, zoritzarrez, askotan, hau ez da errealitatean islatzen. Umeak denbora gehiago eman beharko zuten kalean edota espazio handietan jolasean, beraien gorputza ezagutzen. Ezin baitira kanpoko gauzak eta are gutxiago paperean dauden gauzak ulertu eta modu egokian barneratu, lehenengo eta behin norberaren ezagutza eman ezik.
Soin hezkuntzaren bidez helburu garrantzitsu bat lortu nahi da; haurra inguruneari egokitzeko gai izatea, horretarako haurrari ahalik eta esperientzia gehien eskaini behar zaizkio.
Ezin dugu ahaztu ondoren datorren ezagutza "intelektual" guztien oinarri ukaezina, lehen urteetan objektuekin eta pertsonekin ematen den motrizitatea dela.
Psikomotrizitatearen bidez umeen gaitasunak globalki garatzeko dira. Gorputza bera (mugimendu, afektibo eta kognitibo funtzioak), norberaren kontzientzia, inguruarekiko (espazioa, denbora eta objektuak) eta izaki bizidunekiko harremanen finkotasuna lortzeko bidea izango da.
2007/04/11
MAITASUNAREN GARRANTZIA EZ DA ERROMANTIKOEN ASMAKUNTZA
Maitasunak, askok uste duten baino garrantzia handiagoa dauka. Maitasun ezak arazoak sortzen ditu haurrengan (eta nagusiengan ere), baita arazo eta atzerapen fisikoak ere. Badaude baieztapen hau egiaztatzen duten ikerketak; besteak beste, umezurztegietako haurrei eginiko azterketak, non, maitasun ezak sortzen dituen arazoak argitasunez azaltzen diren. Maslow psikologoak bere piramide famatuan azaltzen duen bezala, beharrizan fisiologikoak garrantzitsuenak eta indartsuenak dira. Beraz, elikadura, maitasuna eta estimaziorik ez daukan pertsona batek, beste edozer baino lehen, hauek asetzeko larritasuna izango du. Maitasunaren inguruan Enrique Blay-k dioena oso esanguratsua da: Gizon eta emakume guztiak, noizbait, umeak izan gara. Ume batek bere burua maitatua sentitu egin zuen neurri berean, gaur egun, horrela maitatzen du bere burua, besteak, mundua eta unibertso osoa. Haurrak maitatzen dituen pertsonak, etorkizunerako maitasuna ereintzen du.
GURASOAK ETA IRAKASLEAK ELKARLANEAN
Eskola komunitate bat da eta bere helburu nagusia haurren hezkuntza izan arren, neurri batean helduen komunitatea ere bada. Hots, Haurtzaroaren prozesuekin erlazionatutako nagusi guztiak (gurasoak, irakasleak, lizentziatuak, administratzaileak, laguntzaileak, ...) hezitzaileak dira. Nahiz eta guzti hauek ez egon hezkuntza beran zuzenean inplikatuta, beraien ekintzak, jarrerak, ekarpenak eta gaitasunak eragin handia daukate haurren hezkuntzan eta garapenean.Hau horrela izanda eta umeen gurasoek daukaten garrantzia kontutan izanik, aita eta amaren presentzia eta inplikazioa eskola barruan askoz handiagoa izan beharko litzatekeela deritzot. Gurasoek irakasteko moduekin bat etortzea, ongi ezagutzea eta eskolak jarraitzen duen filosofia ulertzea oso garrantzitsua da; bai eskolan eta baita familian ere jarraipen bat izan behar baita, haurrak nahastu ez daitezen. Umeen hezkuntza koherentea izan dadin, gurasoen eta irakasleen arteko komunikazioa eta harremana bultzatu egin behar da ( batzarrak, umeen etxeetara bisitak eginez, elkarrizketa ugariak, eskolako bizitzan partehartzea bultzatuz, ...). Azken finean, umearen eskola-bizitza gurasoengandik ulertua izateari garrantzia handia eman behar diogu.
2007/04/09
IRAKASKUNTZAN ARITZEKO PAZIENTZIA ETA MAITASUNA BEHARREZKOAK DIRA
Ikasi dudan gauzarik garrantzitsuenetarikoa umeekin pazientzia asko eta pertsona lasaiak izan behar garela da. Hau horrela ez balitz umeekin oso urduri jarriko ginateke eta ez genieke batere onik egingo. Zero eta zazpi urte bitarteko haurrak mundua ona dela sentitu behar du. Garrantzitsua da haurrak hori ikustea eta hori transmititu behar diogu nagusitan konfiantza eduki dezan. Gero ez dakigu ona edo txarra izango den, denetik baitago. Baina zazpi urteko haur bat mundua ona ez dela pentsatuz eta beldurrez irteten bada, errukigarria da. Maitasuna oso garrantzitsua da, bai lanarekiko maitasuna, eta batez ere haurrarekikoa. Askatasuna eta errespetua ere funtsezkoak dira. Haurra pertsona bat da. Geure burua maitatzen badugu, haurra ere maitatu eta errespetatu egin behar dugu. Horregatik ezinbestekoa da umeekin pazientzia izatea, estresak eta urduritasunak askotan, ez baitugu maitasunez jokatzen uzten.
2007/04/08
JOLASAK MEREZI DUEN TOKIA BERRESKURATU BEHAR DU
Albert Einstein zientifikoak ondorengoa esan zuen: "Nire burua eta nire pentsatzeko modua behatzen baditut, irudimena, pentsamendu abstraktua baino askoz garrantzitsuagoa da". Aipamen honekin, jolasaren bidez, umeentzako egokiagoa den modu batean pentsamendu abstraktura helduko garela azaldu nahi dut, umeak bere jolas eta ikerketekin garapen intelektuala bultzatzen baitu, inolako esfortzu kontzienterik egin gabe.Jolasak garrantzia izugarria daukala pentsatzen dut eta ez dugu merezi duen lekuan jartzen. Haurrek jolasen bidez, besteak beste, trebetasun mentala, pentsamendu kreatiboa, arazoen ebazpena eta kontzeptu konplexuak ikasteko trebetasuna eskuratzen dute.Egun bizi dugun mundu indibidualista honetan, non elkarrekin bizitzen ikasi behar dugun, oso ondo datorkigula jolasa, sozializazio tresna bezala.
JOSTAILU AMAITU GABEAK ETA SINPLEAK BEHAR DITUGU
Gelako bizitzan jolasen eta batez ere kreatibitatearen inguruan hutsune handia nabaritzen dut.Umeek kreatibitate falta handia daukate eta jolasak oso pobreak dira. Nire ustez, naturan bertan aritzea, bertan aurkitutako materialekin (harriak, hostoak, makilak, area, lurra, egur zatiak, fruituak, loreak,...) eta askatasun gehiagorekin jolasteko tarteak izatea egokia izango litzateke; horrela, errealitatea sentitzeko eta ezagutzeko aukera izango zuten eta gauza sinpleekin jolasean arituz kreatibitatea asko landuko zuten, bide batez natura ezagutu eta gure mundua ulertzeko aukera izango zutelarik, gela barruan oso landuak eta umeei aukera gutxi eskaini egiten dien jolasekin horrenbeste denbora igaro beharrean.Ume txikiarentzat mundu imaginarioak, mundu errealak baino errealitate handiagoa izan dezake. Era honetan, egur zati bat zaldi hegalari batean bilakatu daiteke; berriz, xehetasun askorekin eraikitako auto bat ez digu aukera askorik ematen, auto hau ezin izango da inoiz itsasontzi batean bilakatu.
HAURREN HEZKUNTZAN BENETAKO ALTXORRA IMITAZIOA DA
Guztiongandik jakina da, haurrek imitazioaren bidez ikasten dutela, baina praktikan ahaztu egiten dugula dirudi. Gelan, irakasleak energia asko erabiltzen du gauzak hitzez azaltzeko, baina ez gara konturatzen gauza horiek guk modu egokian egingo bagenitu, haurrak berehala gu imitatzen hasiko liratekeela eta horrela ikasiko luketela (adibidez, gauzak batzeko ordua dela eta batu dezaten beraien atzetik ibili beharrean, gu, irakasle gisa batzen hasi eta gauza atsegina izango balitz bezala arituko bagina, apurka-apurka beraiek ere gauzak batzen hasiko lirateke). Lehenengo haurtzaroan, haurrak beraien ingurune fisikoari egokituta daude, beraien zentzuen bidez mundua xurgatu egiten dute eta ezagutza modurik aktiboenean erantzuten dute, hots, imitazioaren bidez.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)